2016 Nafarroako Emantzipazio Behatokia. Errealitate krudelaren dosi berri bat.

2016 Nafarroako Emantzipazio Behatokia. Errealitate krudelaren dosi berri bat.

Hemen behean artikulu osoa daukazu baina, lasai irakurtzeko jaitsi nahi baduzu, egin klik! hemen.

forges juventud

2016 urtea agurtzeko, balizko “susperraldiaren urtea”, Espainiako Gazte Kontseiluaren Emantzipazio Behatokiak (CJE) errealitate krudelaren dosi berri bat oparitu digu. Errealitate honek ez du harridurarik eragin ez gazteriarengan eta ez egunez egun jasaten dugun pertsonengan eta kolektiboengan. Mespretxuarekin “Ni-Ni”ak izendatzen gaituzte, eta zoritxarrez arrazoia eman behar diegu. Izan ere, lanean Ez jardutera eta Ez emantzipatzera behartzen gaituzte.

Duela aste batzuk azterketa honen emaitzak argitaratu zituzten komunikabideek titular komun bat erabili zuten: 2016aren lehenengo seihilekoan, 16 eta 30 urte bitarteko Nafarroako gazteen % 16a soilik bizi ahal izan da bere familiarekiko egoitza independente batean. Eta datu horretan pixka bat gehiago sakonduz, ondoriozta dezakegu Nafarroan apenas inork lortu izaten duela 25 urteak bete aurretik emantzipatzea eta 10 gaztetatik 3 edo 4 soilik direla 30 urteak bete aurretik lortzera heltzen direnak. Bizitza-proiektu pertsonal eta independente bat planifikatu eta garatu nahi al duzu? “Presaka bazabiltza”, hemendik urrun izan beharko du.

Baina, nola da hau posible? Guztiok erantzun diezaiokegu galdera honi gure esperientzia pertsonalekin, izan ere, zifrak egunero bizi dugun errealitatearen isla soilik dira. Ez digute uzten lanean jarduten, ezta emantzipatzen ere. Biztanleria aktiboaren tasa (alegia, jardunean dauden pertsonak edota enplegu bila dabiltzan pertsona langabetuak), Nafarroan bizi diren 16 eta 30 urte bitarteko pertsonen ingurukoa, % 48,9koa da, estatu osoko baxuena. Izan ere, lanerako aukeren gabeziak ikasketen garaia luzatzera garamatza, egoera noiz aldatuko zain. Eta errealitate hau geratzeko etorri bada? Errealitate honetan lanerako aukerak ez dira berehalakoan heltzen, izan ere, Nafarroako 25 urtetik beherako pertsonen langabezia tasa % 43,4koa da (aurrerapauso txiki bat 2014. urteko % 48,1aren aurrean), baina oraindik 25 puntu gainetik EB-ko batez bestekoarekiko (% 18,8), eta hartara iristean, bere baldintzen prekarietate maila gero eta handiagoa izaten da.

Horrela, adibidez, Nafarroan bizi garen eta jardunean gauden 16 eta 30 urte bitarteko pertsonen artetik, % 55ak behin-behineko kontratuak ditugu (2016ko lehenengo seihilekoan izenpetutako kontratuen % 95a), eta % 20ak berriz, lanaldi partzialeko kontratuak (horietatik % 18,7aren nahia izango litzateke lanean ordu gehiago ematea). Behin-behinekotasuna eta lanaldi partzialeko jarduera eta “mileuristak ere Ez” diren soldata batzuk, zeren 2016ko lehenengo seihileko urteko batez besteko gure soldatak 11.021,11€-koak ziren (eta horrekin gehienez 41,3 m2-ko pisu bat alokatzeko aukera izango genuke). Baina horrez gainera, kontuan hartu behar dugu datu horietatik kanpo daudela lan baldintza okerrenak jasaten dituzten pertsonak, bai kontraturik gabe lanean jardutera (esaterako Nafarroara bizitzera eta lanera etorri diren “paperik gabeko” gazteak) edota “autonomo faltsuak” izatera behartuak daudenak edo bestela enpresa “oso eskuzabal” batean lanetik kanpoko praktikak egitea “ahalbidetu” zaienak, horrela ordainsariak, gizarte kotizazioak edo laneko eskubideak bezalako konpromisoak saihestuz. Eta egoera horiek guztiek ondorioak ekartzen dituzte gure bizitzetan. Alde batetik, gazteriaren gehiengoa gure bizitza proiektuak 30 urteez haratago atzeratzera behartuta gaude edo bestela etorkizuna Nafarroatik kanpo bilatzera, beraz, ez gaitu harritzen 2015ean Nafarroatik beste herrialde batzuetara hemen ukatu zitzaien orainaldiaren eta etorkizunaren bila migratzea erabaki zuten 15 eta 34 arteko pertsonen kopurua berriro hedatzea. Bestalde,  ondoriorik okerrena da gaur egun Nafarroan bizi diren 16 eta 30 urte bitarteko 10 gazteetatik 2 pobrezia arriskuan aurkitzea.

Izan ere, gazteak ez gara erreplika berdinak elkarren artean, aldiz arrazoi ezberdinen eraginez errealitate ezberdinak bizi ohi ditugu, horren eraginez pertsona batzuen eta beste batzuen zailtasun mailak ezberdinak izanik. Zentzu horretan, behatokiak erakusten digu alde batetik (jarduera tasetatik abiatuta), goi mailako ikasketarik gabeko gazteen artean enplegua aurkitzeko aukerak Nafarroan urriagoak direla estatuaren gainerako eremuetan baino, eta goi mailako ikasketak dituzten gazteengandik bereizten dituen tartea nabarmenki handiagoa da Nafarroan gainerako erkidegoetan baino. Bestalde, agerian jartzen zaigu tartea eta genero rolak erreproduzitzen jarraitzen direla Nafarroan bizi diren gazteen artean. Horrela, emantzipazio, jarduera, enplegu, behin-behineko kontratazio edo lanaldi partzialeko tasak antzekoak izan arren Nafarroan bizi diren 16 eta 30 urte arteko gizonezkoentzat eta emakumezkoentzat, eta emakumezkoak goi mailako ikasketetan nagusitzen badira ere, Nafarroako emakume gazteek urteko batez besteko 1.200 € gutxiago kobratzen dute Nafarroako gizonezko gazteek baino (% 10,25 gutxiago), beraz, “generoaren ordainsari tartea” zabaldu egiten da jadanik adin horietatik aurrera. Bestalde, genero rolak erreproduzitzen direla ikus dezakegu; estatu mailan 16 eta 30 urte bitarteko pertsonen % 72a “inaktibotzat” hartzen da “etxeko lanak” egiteagatik, eta horiek emakumezkoak dira.

Laburbilduz, 2016ko lehenengo seihilekoan Nafarroako emantzipazio behatokiko datuetan aurreko urteekin alderatzean hainbat xehetasun ezberdin aurkitzen ditugun arren, beste behin ere bizitza proiektu autonomoak garatzeko aukera gabezia, langabezia edo lanerako eta bizitzarako behin-behinekotasuna dakartzan errealitate bat erakusten zaigu. Hala ere, egitura arazo hauek gainditzeko ahalmena duten erakundetatik, egoera hau aldatu ahal izateko politikak planteatu ordez, prestatzen jarraitzera eta lehiakorragoak izatera “animatzen” zaigu, edo gure enpresa proiektu propioari zergatik ekiten ez diogun galdetzen zaigu. Hau da, errealitate krudel honi aurre egiten dioten gainerako pertsonei eta kolektiboei bezala, gure egoeraren arduradun bakartzat hartzen zaigu, kolektiboa den arazo bat banaka konpontzeko “gonbitea” luzatuz.

Baina hain zuzen banakako arazo bat ez denez, ezin diogu gure kabuz aurre egin. Eta “Ni-Ni”en erruduntasuna errefusatzen dugun bezala, gu baino egoera okerragoa jasaten egon litezkeen beste kolektibo eta pertsona batzuena ere errefusatu egin behar dugu. Ez dira gure lehiakideak edo aurkariak, bidaiari kideak gara, gurekin arazoak eta kezkak partekatzen dituzte. Beraz, noranzko berdinean arraun eginez, eskuz esku, egunez egun, egoeraren aldaketa erreal baterantz aurrerapausoak eman ahal izango ditugu. Bidea oztopoz beterik dago, aukeren gabezia, enpresa abusuak, “gizartearen kontrako” politikak edota errealitate krudel honen ondorioak jasaten ditugunak erruduntzat jotzea eta elkarren kontra jartzea bezalako egoerekin. Baina utzi dezagun pesimismoa une okerragoetarako, eman dezagun urrats bat aurrera eta erakutsi dezagun gure orainaldia eta etorkizuna gizarte multzoaren araberakoa dela.

Santi Rabadán. CJN-NGK ko Sozio-Ekonomia arloko teknikaria

Close