ABUZTUAK 12 - GAZTERIAREN NAZIOARTEKO EGUNA

ABUZTUAK 12 – GAZTERIAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Gazteriaren Nazioarteko Eguna. Dena ondo badoa, Zergatik aldatzen dira hain gauza gutxi (hobera)?

Jakinarazten zaizkigun berri batzuk sinetsiko bagenitu, langabezia jaitsi egin dela, berreskurapenaren urtean gaudela, dena hobera doala, etab., pentsa genezake 2017ko gazteriaren nazioarteko eguna baikortasunaren eguna izan litekeela. Baina errealitatea pixka bat ikertzen badugu, konturatzen gara dena ondo doala esaten diguten arren, azken finean oso gauza gutxi ari direla hobera egiten. Are gehiago, zoritxarrez gazteriaren hein handi bat krisiaren urte okerrenetako egoera berdinean mantentzen da, edo orduan baino are okerrago.

Duela pare bat hilabete Espainiako Gazteriaren Kontseiluak (CJE) 2016ko bigarren seihileko Emantzipazioaren Behatokia argitaratu zuen, Nafarroako datu zehatzekin. Datu horiek ikustean gure buruari galdetzen diogu, 16 eta 30 urte arteko pertsonen Nafarroako langabezia tasa murriztu egin bada 2013ko % 37,7tik 2016ko % 21,1a arte, Nolatan izan daiteke zailagoa emantzipatzea 2016an, 2013an baino? (gazteen emantzipazio tasa urte hauetan % 22.4tik % 20,6ra jaitsi da). Gazteok eskuratu ahal ditugun kontratu motek eta lan baldintzek zuzenean erantzuten dute galdera hori.

Horrela, langabezia maila jaitsi izan arren, Nafarroako gazteak emantzipatzeko zailtasunen hedadura ulertu ahal da jarduera tasaren jaitsieragatik, laneko baldintzak hondatzeagatik (soldaten jaitsiera) eta lan esparruaren ziurgabetasunagatik eta ezegonkortasunagatik (behin-behineko edota lanaldi partzialeko kontratuak). Baldintza horien ondoriotako bat da gaur egun 30 urtetik beherako pertsona batek Nafarroan gutxi gorabehera hileko diru-sarreraren % 60a alokairua ordaintzeko erabili behar izaten duela, 2013ko derrigorrezko % 42,7arekin alderatuta.

20770480_10155618386554287_7580550000499878919_n

Bestalde, datu horiek bestelako errealitate larri bat erakusten dute. Lan esparruko generoari dagokionez, agerikoa da 30 urtetik beherako pertsonen arteko bretxa bat dagoela, 2013 eta 2016 artean nabarmenki hedatuz joan dena. Horrela, 30 urtetik beherako emakumeen heziketa maila hobetuz joan izan arren, Nafarroako emakume gazteen langabezia tasa altuagoa da haien adin bereko gizonezkoena baino (% 23 emakumezkoak eta % 19,7 gizonezkoak), tenporaltasun eta lanaldi partzialeko jarduera tasak altuagoak eta soldata edota jarduera tasak urriagoak izanik. Enplegu sarbidearen eta baldintzen inguruko genero bretxa oso nabarmena gertatzen da emakumezkoak eta gizonezkoak lan esparrua partekatzera heltzen diren une beretik. Eta aurrerantzean bretxa hori etengabe hedatuz joango da euren laneko eta bizitzako ibilbidetan zehar.

Baina CJE-ko emantzipazio behatokitik eskuratutako “batez besteko” datu horien bidez Nafarroako gazteria enpleguari eta etxebizitzari dagokienez jasaten ari den egoeraren inguruko ideia orokor bat egin dezakegun arren, gogoan izan behar dugu gazte denak ez garela berdinak, aitzitik kolektibo ezberdinen artean errealitate ezberdinak eta berezitasun esanguratsuak daudela, azterketa honetan aipatzen ez direnak. Beraz, alde batetik, behatokiak agerian jartzen du ikasketa mailak (gero eta gehiago), neurri batean maila sozio-ekonomikoaren arabera, eragin nabarmena izaten duela lan-merkatuan sartzeko aukerekin eta baldintzekin egokitzeko orduan. “Ez du axola zer ikasten duzun, guztiok langabezian amaituko dugu” mitoa urratu behar dugu, izan ere, informatika arloan mailarik gorena lortu duten pertsonek lan-munduratzeko aukera gehiago eta hobeak izaten dituzte.

Gainera, kontuan hartu behar dugu datu hauetatik kanpo geratzen direla lan egoera okerrenak jasaten ari diren pertsonak, bai kontraturik gabe lan egitera edota “autonomo faltsuak” izatera behartzen dituztenak (Nafarroara bizitzera eta lanera etorri diren “paperarik gabeko” gazteak bezala), eta bai enpresa bat  “hain eskuzabala” izan denez, praktika batzuk egiteko edota bekadun modura lanean jarduteko “aukera” eskuratu dutenak, horrela enpresa horrek soldatak edo laneko eskubideak finkatzeko edonolako konpromiso mota saihestuz. Eta egoera horiek guztiek gure bizitzetan ondorioak eragiten dituzte. Alde batetik, gazteriaren gehiengo zabala bizitza proiektuak 30 urtetik haratago atzeratu beharrean aurkitzen gara edo bestela Nafarroatik kanpo bilatzen dugu hemen ukatzen zaigun orainaldia eta etorkizuna. Eta bestetik, ondoriorik okerrena izan da 2016an 30 urtetik beherako gazteen % 58,8ak ez zuela inolako soldatarik jasotzen eta % 21,7a pobrezia arriskuaren egoeran aurkitzen zela.

Hala ere, bai gazteriari, oro har, eta bai errealitate krudel honen eraginpean bizi garen bestelako kolektiboari, gure egoeraren arduradun nagusitzat jotzen zaigu eta arazo kolektibo bat banaka konpontzera “gonbidatzen” zaigu (aktibatu, ekin, birziklatu, integratu…). Baina hain zuzen banakako arazo bat ez izateagatik, ezinezkoa gertatzen zaigu geure kontura ebaztea. Ez da lehia bat “azkenaren eta azken aurrekoaren” artean, aldiz arazoak eta kezkak partekatzera garamatzan borroka bateratu bat da. Bidea oztopoz beteta dago, aukera faltak, enpresa abusuak, politika “anti-sozialak” edota diskurtso oportunistak barne, eta horiekin guztiekin errealitate honen ondorioak jasaten ari garenok errudun sentitzea eta elkarrekin lehiatzea bilatzen da. Baina utzi dezagun ezkortasuna une okerragotarako, eman dezagun urrats bat aurrera eta erakutsi dezagun gure orainaldia hala nola etorkizuna gizarte osoaren araberakoak direla.

Close