Gazteriaren aldeko adierazpena

Gazteriaren aldeko adierazpena

  1. urtean, oso krisialdi handia bizi izan genuen; izan ere, gaur egun gazteok oraindik hainbat ondorio pairatu behar izaten ditugu. Garai hartan, gazte askok ikusi behar izan zuten ikasketak amaitzeko eman zituzten ahalegin handiak ez zirela sarituko; ez zutela haien prestakuntzarekin bat zetorren lanik izango, ez zitzaiela ondo ordainduko, eta ezin izango zutela ekonomikoki hasi ezta bizi-proiekturik garatu ere.

Horrez gain, derrigorrezkoak ez diren ikasketak ez zituztenentzat krisialdia oraindik larriagoa izan zen: langabezia kopuru kezkagarrira iritsi zen, eta bakoitzak bere kabuz bizi-proiektu bat hasteko aukera gutxi zeuden. Beste alde batetik, eskola uztea gazte askoren bizitzan nagusitzen da oraindik, eta sistemak ordezkatzen ez dituela uste duten gazteak horretatik urruntzen dira.

Gaur krisialdi berria jasaten ari gara, osasunaren, gizartearen eta, laster, ekonomiaren arloetan, eta orain gizartea ezin da aurreko aldian jokatu zuen bezala aritu. 2020. urtearen hasieran, gazteria estutasunean bizi zen, pobre eta mendeko; pandemia-egoeran zehar, langabezia-tasaren igoerarik handiena izan duen gizataldea da, ABEE gehienak bereganatu behar izan dituen taldea.

Hala ere, konfinamenduaren eta pandemiaren ondorioak ez dira bakarrik lanaren arloan nabaritu. Eten digitala handiagotu da, urrutiko ebaluazio- eta irakaskuntza-sistemak nagusitu dira, praktikak bertan behera utzi behar izan dira, Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioari dagokionez neurriak hartu behar izan dira eta atzerapenak eman dira, konfinamenduak eragindako ondorio fisikoak eta emozionalak ikusi egin dira, etxetik kanpo bizitzeko zailtasunak nagusitu dira, eta etxebizitza eta hornikuntzak ordaintzeko zorpetzea dago.

Pandemiak ondorio larriak ekarri ditu, baina datozen hilabete eta urteetan are larriagoak izango dira. Izan ere, gaur egun gazteen enpleguan ikus dezakegun behin-behinekotasun mailaren eta ABEE espedienteetan sartuta dauden pertsona-kopuruaren arabera, krisialdi berria aurrekoa baino larriagoa izango dela iragarri daiteke.

Pandemiaren hasieran, eta horretan zehar, gazteok gizartearekiko konpromiso handia daukagula erakutsi dugu, eta boluntario-lana, eta aisialdirako eta bestelako zerbitzuak eskaini dizkiegu COVID-19 gaixotasunerako arrisku-taldea osatzen duten pertsonei. Konpromiso bera daukagu gaur. Egoera honetan, gazteak "arriskurik gabeko" pertsonatzat hartu izan dira sistematikoki eta, horren aurrean, ezinbestekoa da kezkatzen eta babesten diren gazteak kontuan hartzea, osasun-krisialdia ahalik eta azkarren amaitzeko edota kontrolatzeko eta, aldi berean, gizartea kontzientziatzeko lanari jarraipena emateko.

Lan egiteko ordua da, eta gazteen aldeko apustua egitea gizartearen oinarri nagusienetako bat da, orain zein etorkizunerako.

Gazteok botere publikoei gazteria-sistema bermatzea eskatzen diegu, jarraian datozen kontuetan oinarrituta:

  • Gizarte- eta ekonomia-baldintza duinak ziurtatu, kalitatezko enpleguan oinarri; behin-behinekotasuna eta partzialtasuna beste aukera bat baino ez izan beharko lirateke gazteriarentzako, eta ez derrigorrezkoak. Gure enplegu gehienak ostalaritzaren eta merkataritzaren sektoreetan egoteko joera aldatu behar dugu, sektore horietan obra eta zerbitzu jakinerako kontratuak nagusi baitira; horrez gain, curriculumetik kanpoko praktikekin amaitu beharko genuke eta, horien ordez, prestakuntza- eta praktika-kontratuen aldeko apustua egin beharko genuke. Nork bere bizitza hasteko iragatea erraztu beharko litzateke, gazteon burujabetzea sustatuz (gaur egun, batez beste, 29 urte), bakoitzaren bizi-proiektua, lan-ekimenak eta familiak bultzatzeko, eta seme-alabak 30 urte baino lehen izateko.

 

  • Aisialdiaren eta denbora-tarte librearen aldeko apustua egin. Hasteko, ordezko aisialdi-aukera osasungarria eskaini beharko litzateke, eta hezkuntza araututa ez den prestakuntza eskaintzen duten erakundeen hezkuntza-aisialdia erraztu beharko litzateke. Izan ere, aisialdia kultura, sozializazioa eta, batzuetan, demokrazia sortzen dituen eragiletzat hartu beharko genuke eta, horretarako, udalek ere gazteon aisialdirako tokiak eskaini behar lituzkete.

 

  • Gazteentzako politikak ez dira politika eraginkorrak bakarrik, hau da, gazte-ekintzak edo ikasleen arteko trukeak; enpleguan, hezkuntzan, kulturan, iragate ekologikoan eta abarrean eragina duten zeharkako politikak dira ere. Beraz, gazteriaren esparruan aditu diren profesionalen aldeko apustua egin beharko litzateke, eskualdeko maila guztietan administrazioak gazteria-sailak sortzen dituela bermatzeko, bakoitzaren eskumenaren araberako gaitasunarekin. Horrez gain, sailen arteko organoak sortu beharko lirateke gazteentzako politikak goitik behera koordinatzeko, eta beti gazteen parte-hartzea ziurtatuz.

 

  • Gazteon partaidetza demokratikoa sustatu, toki eta prozesu zehatzen bitartez. Izan ere, azpimarratzeko bidea gazte-asoziazionismoa indartzea izango litzateke, dagoeneko eskuragai dauden elkarteen bidez zein elkarteko kidea bilakatzen edo elkarte bat sortzen erraztuz. Elkarte-sarea gazteen taldeko parte-hartzeari laguntzen duen tresna da; horri esker, errotzea, sozializazioa eta ingurunearen eraldaketa bultza daitezke. Elkarteak hiritartasun-eskolak dira, eta zuzeneko ingurunean nahiz lurralde-eremu zabalagoetan eragin positiboa sortzeko gaitasuna dute.

 

Amaitzeko, gazteriaren inguruko estereotipo bat eraikitzearen eta komunikabideek borondatez edo nahi gabe horretan parte hartzearen arriskua azpimarratu nahiko genuke. Aurreko krisialdian, gazteok kalean alkohola edaten aritzen ginela nagusitu zen, eta topiko horretan oinarritutako politikak pairatu behar izan genituen, onartzen ziren neurriak hori saihestera baino ez baitzeuden zuzenduta. Gazteon aisialdia mugatzeko obsesio horren ondorioz, ez zen enplegurako, etxebizitzarako ezta partaidetza demokratikorako neurri garrantzitsurik onartu, eta enplegu-, ezegonkortasun-, eta pobrezia-tasa handiekin amaitu genuen hamarkada.

Arazoaren benetako oinarria zein den adieraztea gizartearen lana da. Ez gaitzazuen kanpoan utzi; urrundu gaitezen ikuspegi paternalistetatik. Gazteria ez da, berez, osasun-arriskua duen gizataldea, baina arrisku sozial eta ekonomikorik handiena duen gizataldea da. Jardun dezagun errealitatean eta ez topikoen esparruan, hamar urte barru langabezia, ezegonkortasun eta pobrezia gehiago izan ez ditzagun.

Gazteriaren Kontseiluek, gure araudiek ematen dizkiguten ordezkaritza-eginkizunen bidez, adierazpen hau sinatzen dugu.

Close